berria.info

 

Osteguna, 2018ko azaroak 8a.

 

Inoiz baino parekatuagoa

 

Magnus Carlsenek eta Fabiano Caruanak Munduko Xake Txapelketa jokatuko dute bihartik aurrera, Londresen

 

Aspaldi ez zegoen horren alde txikia rankinean finalisten artean

 

Josu Tornay

 

Dena prest dago Londresko Holborn auzoko The College eraikinean. Han hasiko da bihar Munduko Xake Txapelketa. Bi jokalari izango dira aurrez aurre: Magnus Carlsen norvegiarra, egungo txapelduna, eta Fabiano Caruana estatubatuarra. Hamabi partida jokatuko dituzte. Hilaren 26an litzateke azkena, baina gerta liteke ordurako amaitua izatea lehia, bi finalistetako batek 6,5 puntu lortuz gero. Hilaren 29tik harago ere luza daiteke, berdinketa egon eta partida bizkorrak jokatu beharko balira. Gertatzen dena gertatzen dela, hilaren 28an emango dituzte garaikurrak, baita diru sari handiak ere: 600.000 euro txapeldunak, eta 450.000 txapeldunordeak. Partida bizkorrak jokatuko balituzte, 50.000 euro gutxiago jasoko lituzke jokalari bakoitzak.

400 lagunentzako tokia da The College gunea. Beteta egongo da, nahiz eta sarrerak garestiak izan, 60 eurotik gora merkeena. Internetez ere ikusi ahal izango da zuzenean, txapelketaren webgune ofizialaren bidez. Ordaindu egin beharko da horretarako ere, hemezortzi euro inguru. Milioika izango dira Carlsenen eta Caruanaren artekoa horrela ikusiko dutenak. Hori dio, behintzat, Agonek, Munduko Txapelketako babesleak. Agonek egindako azterketaren arabera, 650 milioi lagun inguruk jokatzen dute sarritan xakean. Hala, AEBetan, Erresuma Batuan, Alemanian, Errusian eta Indian helduen %70ek jokatzen dute noizean behin partida bat. Datu horiek, hala ere, tentuz hartu behar dira, pentsatzekoa baita Internetez ikusle gehien bereganatzeko Agonek martxan jarritako kanpaina bat izan daitekeela. Edonola ere, ezin da ukatu lehiak ikusmin handia sortu duela. Inoizko parekatuena da baten eta bestearen rankinari erreparatuz gero: 2.835 puntu ditu Carlsenek, eta hiru gutxiago Caruanak.

 

https://www.berria.eus/paperekoa/1874/027/001/2018-11-08/inoiz_baino_parekatuagoa.htm

 

Soslaia. Magnus Carlsen

 

Odolean darama xakea

 

Josu Tornay

 

27 urte ditu Magnus Carlsenek (Toensberg, Norvegia, 1990), baina 19 zituenetik da munduko onena. 2013an irabazi zuen lehen aldiz Munduko Txapelketa, 22 urte zituela. Viswanathan Anand indiarra hartu zuen mendean, eta, horri esker, inoizko munduko txapeldun gazteenetan bigarrena izan zen. Garri Kasparov bakarrik izan zen gai hura baino gazteago txapeldun izateko, 21 urterekin.

Azken urteetan Carlsenek lortu dituen garaipenek garrantzi berezia izan dute xakearen garapenean, jokatzeko beste modu bat erakutsi baitute. Norvegiarrak ez dauka haren aurrekoek zeukaten ikuspuntu zientifikoa. Teoria ezagutu eta erabili egiten du, baina harago doa. Edozein posiziok barruan asko daukala erakutsi du, baita hildako itxura daukatenak ere, batez ere lehia baten presiopean.

Jokalari handi guztien moduan, beste pauso bat eman du Carlsenek. Haren estilo zehatza definitzeko esan daiteke irekitzeei garrantzi mugatua ematen diela. Hori bai, besteek baino hobeto ulertzen du partida bukaeren estrategia, eta maisua da halakoetan. Bobby Fischer eta bereziki Kasparoven ostean asko garatu zen irekitzean partida erabakita uzten saiatzeko joera. Irekitzean abantaila ateratzeko eta gero abantaila hori aprobetxatzeko egin dituzte esfortzuak jokalari gehienek azken hamarkadetan. Carlsenek, ordea, beste modu batean bideratzen du jokoa. Bere helburua irekitzearen ostean posizio jokagarri bat lortzea da, eta, hori eginez, partida bukaera dinamiko batera heltzea. Jokoaren fase horretan onena da alde handiz, eta agerian utzi zuen Anandi irabazi zion lehen Munduko Txapelketan —2013an eta 2014an nagusitu zitzaion—.

Egungo Carlsenen entrenatzaileak ordenagailuak direla esan daiteke. Haien kalkuluen potentzia ez badu ere, kalkulu potentzia horrek irakasten duena barneratu eta erabiltzen du. Baina Carlsen ez da ordenagailu bat, eta askotan erakutsi du gizakia dela. Emaitza txar edo on baten ostean izandako erreakzioak edo prentsaren aurrean noizbait eginiko iruzkinek agerian utzi dute nortasun konplexua duela. Hain zuzen, funtsezkoa da oreka emozionala kontrolatzea lehian zehar. Bestalde, eta psikologiak xakean duen pisua kontuan hartuta, bere buruagan duen konfiantza arma boteretsua da. Moduren batean eta esaten ez badu ere, Carlsenek beti pentsatzen du onena dela, eta beti izango dela gai irabazteko modu bat topatzeko.

 

https://www.berria.eus/paperekoa/1893/027/001/2018-11-08/odolean_darama_xakea.htm

 

Soslaia. Fabiano Caruana

 

Beste Fischer bat?

 

Josu Tornay

 

Duela 26 urte jaio zen Fabiano Caruana, Miamin (AEB), baina, gurasoak italiarrak izanik, herrialde hori ordezkatu zuen 2015era arte. Caruana ogibidez da xake jokalaria, eta Estatu Batuak ordezkatzeak badu abantailarik. Maisu Handiaren titulua 15 urte egin aurretik lortu zuen, eta, hori eginez, AEBetako eta Italiako inoizko Maisu Handirik gazteena bilakatu zen. Nahiz eta Miamin jaio, New Yorkeko Brooklyn auzoan bizi izan zen txikitan, eta han hasi zen xakean, Bobby Fischer xakelari mitikoak egin bezala. Caruanak gurasoen laguntza eta babesa izan du beti xakean buru-belarri aritzeko. Horregatik, eta entrenatzaile eta torneo onenak Europan daudenez, hara joan zen bizitzera familia osoa.

2014a mugarri izan zen haren kirol ibilbidean; zehatzago esanda, urte horretan AEBetan jokatu zuen Sinquefield kopan. Ez zen emaitza ikusgarririk espero, baina Caruanak zur eta lur utzi zituen guztiak torneo horretako lehen zazpi partidak irabazita, nori, eta jokalari onenetako askori: Veselin Topalov —munduko seigarrena—, Maxime Vachier-Lagrave —bederatzigarrena—, Carlsen —lehena—, Levon Aronian —bigarrena—, Hikaru Nakamurari —zazpigarrena— eta berriro Topalov eta Vachier-Lagraveri. Berdindu egin zituen hurrengo hiru partidak, eta, horri esker, torneoa irabazi zuen. Inork ez du sekula goi mailako lehian eta munduko onenen kontra hainbeste partida jarraian irabazi. «Izugarria da, eta marka historikoa edonorentzat», esan zuen Aronianek Caruanak egindakoaz.

Balentria horri 2014-2015eko Nazioarteko Xake Federazioaren Sari Nagusia gehitu zion, eta, horri esker, 2016ko hautagaien torneorako sailkatu zen. Bigarren izan zen, Sergei Karjakinen atzetik. Beraz, Munduko Txapelketa jokatzeko atarian geratu zen. Aurten, rankin altua izanik, zuzenean sailkatu zen hautagaien torneoa jokatzeko. Eta bigarren ahaleginean ez zuen huts egin. Lehena izan zen. Zazpi partidetatik hiru irabazi zituen, hiru berdindu, eta bakarra galdu.

Caruanak oso prestaketa praktikoa egin du azken hilabeteetan. Hala, xakeko Olinpiar Jokoetan parte hartu du. Bere estilo erasokorra du armarik onena, baina baita ahuleziarik nabarmenena ere, askotan Carlsenen kontra aritu denean ikusi den bezala. Bi jokalari horiek 29 partida klasiko jokatu dituzte: Carlsenek bederatzi irabazi ditu, Caruanak bost, eta hamabostetan berdindu egin dute.

 

https://www.berria.eus/paperekoa/1912/027/002/2018-11-08/beste_fischer_bat.htm